martes, 27 de noviembre de 2012

ZER ISLADATZEN DUTE JOLASEK?


GENEROA ETA JOLASA

Jolasa errealitatearen irudikapena da, inguruko mundua zelakoa den eta helduek zelan jokatzen duten ikasteko mekanismoa. Umeek, jolasaren bidez, jokabideak imitatu eta ingurunean moldatzen ikasten dute.
Horrexegatik balio du jolasak baloreak transmititzeko, eta balore horiek, eragin handia izango dute eratzen ari den pertsonan: zelako baloreak, halako emakumea, halako gizona. Jakin badakigu esperientziek, jasandako tratuak, eta bizitzako lehenengo sei urteetan ikasitakoak eragin zuzena daukatela geroko izaeran.
Era berean, jakin badakigu lehenengo hiru urteetan zehar identifikatuko garela geure generoaz. Partaideak garen taldearekin identifikatzen ahaleginduko gara, betiere, geure banakotasunetik abiaturik. Imitatze prozesu hau ez da aseptikoa, ez baitugu beti den-denean berdinak izaten ariko.
Genero-rolak aldatu egin dira, eta, gainera, beti egon da rol horien muturreko ezaugarriak zalantzan jarri dituena. Nolanahi ere, erreferentziazko familia edo gizarte-talde kultural batean integratzeak ailegatzen zaizkigun mezuak, adierazpenak, jokabideak, erreakzioak, keinuak eta abarrak onartzea dakar; hori dela eta, partaidea izateko, umetatik hasiko gara imitatzen.
Hezkidetzan sarritan erabiltzen dugu honako termino hau: ezkutuko curriculuma. Honela bereizi egiten ditugu irakaspen esplizituak eta inplizituak; izan ere, esplizituki adierazten ez ditugun arren, egon badaude transmititzen ditugun irakaspen batzuk, eta umeek, behaketaren bidez, ikasi egiten dituzte: umeek geure keinuak barneratzen dituzte, geure jarrera, geure pentsaera, geure jokaera...
Mutilari neskari baino ozenago eta gogorrago egiten diogunean errieta, zer ari gara transmititzen? Eskoletan ez badira emakumezko erreferenteak ematen, zer ari gara transmititzen? Jendartean ia ez badugu emakumezko kirolaririk aipatzen, zer ari gara transmititzen? Gizonezko kirolariei, jolasaren beraren kalterako bada ere, euren jokaldietan agresiboagoak izateko eskatzen badiegu, eta baliozkotzat jotzen badugu portaera hori, zer ari gara transmititzen?

No hay comentarios:

Publicar un comentario