martes, 27 de noviembre de 2012

ZEIN JARREREK BULTZATZEN DUTE SEXISMOA ESKOLAN?


Berdintasuna sustatzeko asmoarekin, lehenik eta behin, desberdintasun arazo hau eskolan zein jarrerek sortzen duten aztertu nahi dugu eta horretarako hurrengo sarrera aurkezten dizuet.

ESKOLAN SEXISMOA TRANSMITITZEKO ERAK
Emakumeak hezkuntza mundura hurbildu eta sartzeko bidea zailtasunez eta oztopoz beteriko ibilbidea izan da. Gainera, eskolaren beraren bilakaeran, bertan landu eta garatu diren ezagutzak ikuspuntu androzentriko batean oinarritutakoak izan dira. Neska eta mutilentzako eduki desberdinak zeuden eskola bereizitik eskola mistora pasa da, non neskak eta mutilek espazio berbera konpartitzen duten eta eduki berberak irakasten zaizkien, eredu maskulinoan oinarritutakoak, hain zuzen ere.
Beste era batera esanda, gizonek eta gizonentzat eraikitako hezkuntza eremuan emakumeak sartzean sortu da eskola mistoa, ez da ordea, gizon eta emakumeen eredu kulturalen uztarketan oinarritutako hezkuntza.
Emakumeen historia ez da eduki curricularretan sartzen, ez dira emakumeak ikusgai egiten eta ez dira beraien jakintzak ikasi eta transmititzeko legitimotzat hartzen.
Era berean, gure ikasleak tradizionalki emakume eta gizonei eman zaizkien paperetan heziak direla erakusten duten jarrera eta portaerak ikusten ditugu gela eta eskolako espazio desberdinetan. Paper hauek maskulinoaren balorazio sozial positiboagoa erakusten dute femeninoarena baino.
Geletan, hezkidetza eta sexuen arteko berdintasuna apenas lantzen da sistematikoki, bereziki konprometitutako irakasleen kasu puntualetan izan ezik. Administrazioak ere ez du behartzen legeetan ezarritakoa praktikan jartzera, honek prestakuntzan inbertsio gehiago, denbora eta espazio berriak sortzea eta material berrien hornidura ekarriko lukeelako.
Eskolan estereotipo sexistak ezabatzeko lehen pausua ondokoa da: sexismoa eskolan instituzionalizatzen ari diren prozesu eta mekanismoak (konziente eta inkonzienteak, ageriko zein subliminalak) detektatzea, alde batetik eta ondoren, gai hauei helduko dien eredu didaktiko eta antolakuntzakoa egitea.
Egia da, nesken diskriminazioak eskolan ez duela eraginik hauen maila akademikoan; hala ere, diferentziazko tratu diskriminatzaile horrek eragin handia du izaera femeninoaren sorreran eta eraikuntzan, ikasle bikainenak diren neskek ere, hazten doazen neurrian, eremu publikoan bigarren mailako papera barneratzen baitute.
Ikus ditzagun ondoren, eskolan eredu sexista transmititzen laguntzen duten hainbat arlo:
·    Sexismoa curriculo esplizituan: irakasten dena eta ez dena irakasten.
Programazio curricularrean eta testu liburuetan sexismoa sistematikoki proiektatzen da, bai emakumezko pertsonaia eta bizimodu ereduen omisioaren bidez, baita emakumeen gutxieste eta infraerrepresentazioaren bidez ere. Testu liburu gehienetan emakumeen presentzia eza ia erabatekoa da. Era berean, emakumezko pertsonaiak azaltzen direnean, hauen portaera eredu maskulinora atxikitzen da. Hau da, nabarmentzen diren emakumeak gizonaren arketipora egokitzen direnak dira, edo berdina dena, beraien lanak bizitza publikoko alderdi garrantzitsuren batean laguntzen dutenak.
Emakumeen bizimoduak, tradizionalki eremu pribatuan garatu direnak, testuetatik kanpo uzten dira erabat. Historiarentzat garrantzitsuak direnak herrien arteko gudak dira, boterera iristeko borrokak eta gizarteen produkzio erak; baina ez eguneroko bizitzako erreprodukzio erak, hau da, gizarteek biziraupenerako egiten dutena: elikadura, zaintza, harreman afektiboak, etab. Beraz, ez dira soilik emakumeak baztertzen, emakumeen bizitzeko era, eta ondorioz, emakumeen kultura ere kanpoan uzten da.
Testu liburu, ipuin eta beste material didaktikoetan azaltzen diren estereotipo maskulino eta femeninoek mutilak indartsu, azkar eta independente gisa definitzen dituzte; neskak, bestalde, menpeko, maitekor, esaneko eta kolaboratzaile gisa agertzen dira. Egiten diren ekintzak, jolasak, janzteko erak, jokaerak, ezartzen dituzten harremanak... denak dira desberdinak neska edo mutil izan.
Material curricularretan ikuspuntu bakarra azaltzen da eta ahaztu edo marjinatu egiten dituzte historian zehar emakumeek egin dituzten ekarpenetan lagunduko luketen beste alternatibak. Honen ondorioa da ikasleek gizonezkoen lan, gaitasun, eta abarri buruzko informazio zehatz eta gehiegizkoa dutela eta ez dutela batere informaziorik jasotzen emakumezkoen bizimodu, lan, ekarpen eta abarren inguruan. Horrela, jasotzen duten errealitatea guztiz faltsututakoa da; honek beraien pertsonalitatean eragin handiak ditu, batez ere autoestimuan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario